XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Europako ekonomiak hazkunde bizkorra ekarri zuen 60ko hamarkadaren azkenaldera arte.

Orduan, kostuen dardara bortitzek astindu ziztuzten europar ekonomiak.

70eko hamarkadan, berriz, lehen urteetan eskariaren inflazioa hedatu zen eta, aldi berean, Bretton Woods-eko Moneta-Sistema suntsitu zen.

1973-74 eta 1979-80 aldietan, petrolioaren gorakadak inflazioa eta langabezia sortu zituen, eta desorekak are bortitzagoak gertatu ziren, gobernuek ez zutelako jakin nolako politika erabili behar zen egoera hari irteera aurkitzeko.

Ondorioak europar ekonomiarentzat, hazkunde ahula eta desoreka sakonak izan ziren.

80ko hamarkadan, Europako gobernuek ekonomiak egokitu eta bermatzearen aldeko politikak erabili zituzten.

Hamarkadaren erdialdera desorekak ez ziren hain bortitzak.

Halere, hazkunde-tasa motelak eman ziren eta langabezia jendetza aktiboaren %11 izatera iritsi zen.

Euroesklerosi hitza zebilen edonon.

USA eta Japoniaren aurrean ez zeukan zer eginik europar industriak, batipat goi-teknologiako eta eskari azkarra zuten sektoreetan.

Ezta ere, orobat, beste sektore askotan berriki industrialduak ziren herrialdeen aurrean.

Europako ekonomia aurreratuenek berek ere, USA eta Japoniaren aurrean, lanaren emankortasuna arras behetik zuten eta dinamismo nahikorik ez lanpostu berriak sortzeko.

OCDEk iragarpen ilunak egin zizkion Europari 1985ean.

Zihoan bideetatik jarraiturik, Europak teknologi atzerapen handia jasan beharko zuen eta berriki industrialduen ekonomi lehia bizia gainditu ezinik, Europak ez zukeen saltzeko besterik izango, elikadurak, lehen gaiak eta behemailako teknologiaz produzitutako manufakturak izan ezik.

Estrategia berri bat ezinbestekoa zen, komunitatekideen dinamismoa bizkortzeko.

Komisioak, 1985aren hasieran, Europako Akta Bakarra aurkeztu zuen komunitatearen estrategia berriaren alde.

Eta Europako Akta Bakarra urte bereko abenduan onartua izen zen Europako Kontseiluaren baitan, Estatu-buru eta gobernu-buruen baieztapenez.